2016/06/27

IÑIGO ARITZAK BI PROIEKTU AURKEZTU DITU

Neurogarapenaren nahasteen eskuhartzeen ikuspegiak

Pasa den maiatzaren 18an CREENAk aurrera eramandako "Neurogarapenaren nahasteen eskuhartzeen ikuspegiak" formakuntzaren itxiera ospatu zen. Formakuntza hau CAP erakundeak irakasleentzako antolatzen dituen tailer eta formakuntza zikloen barruan burutu zen. Formakuntza honi amaiera emateko CREENak Nafarroako 4 ikastetxeetan aurrera eramaten diren esperientziak ezagutaraztea eta elkarbanatzea nahi izan zuen. Nafarroako Heziketa Berezirako Zentroak gure ikastolan egiten den lana onartu, balorean jarri eta ezagutarazi nahi izan zuen. Honela, Iñigo Aritza ikastolaren ordezkari modura orientatzailea (Isabel Salegui) eta Trantsizio Gelako tutorea (Artzanegi Martin) bertan izan ziren gure proiektua aurkezten. Formakuntzak iraun duen bitartean TEAren inguruan jantziak dauden hainbat pertsona ezagutu ditugu, baita haien jakintzak jaso ere. Oraingo honetan, ikastolak esperientzia baliagarriak entzun, jaso eta eman ere egin ditu. Iñigo Aritzak duen Trantsizio Gela ezagutarazteaz gain, kalitatearen berme dela aitortu baita.






Mugikortasunean mugak dituzten ikasleak dituzten ikastetxeetako profesionalek aurrera eramandako esperientziak.

Apirilaren 20ean CREENAk “Mugikortasunean mugak dituzten ikasleak dituzten ikastetxeetako profesionalek aurrera eramandako esperientziak” izenburua zuen formazio jardunaldi bat antolatu zuen. Jardunaldi honetan, hainbat ikastetxeek mugikortasunean mugak dituzten ikasleekin egindako lana ezagutarazi nahi zuten, beste ikastetxeentzako esperientzia hauek baliagarriak izan zitezkeelakoan. 6 ikastetxe ezberdinetako irakasleen esperientziak entzuteko aukera egon zen. Horien artean, Nafarroako Heziketa Berezirako Zentroak Iñigo Aritza ikastolan egiten den lana onartu, balorean jarri eta ezagutzera eman nahi izan zuen. Gure ikastolako ordezkari moduan Isabel Salegui orientatzaileak eta Amaia Zuriarrain PT eta entzumen eta mintzairako irakasleak parte hartu zuten. Ikastolak mugikortasunean mugak dituzten umeekin egin duen eta egiten duen lana jardunaldira hurbildu ziren guztiekin partekatu zuen. Nabarmentzekoa da ikastolak haur hauekin egiten duen lana eredugarritzat hartu zutela bertaratutakoek, urteetan egindako lanaren esperientziagatik, egun eskaintzen dituen baliabideengatik eta etorkizunera begira proiektuak duen sendotasun eta dituen aukerengatik.